Hiri plataforma San Bartolome, parte hartu!

2010eko Plan Orokorrean dagoeneko Parke Publiko izateko eta Donostiako Erdialdearentzat eta Amara Zaharreko auzoarentzat berdegune berri bat sortzeko aurreikusten zen lurzorua berreskuratzeko erronka zibikoa da eskuartean duguna. Ez litzateke ezer eraiki behar muino-hegal abandonatu horretan, eta orain ezin da muino-hegal horretan eta ikastetxearen eremuan 2011ra arte zegoena berreraikitzen hasi, idazki honen IV. ataleko 1. eta 2. puntuetan azaltzen ditugun arrazoi teknikoengatik.

Behin udal-gobernuak, 2025eko apirilaren 11n, herritarren mobilizazioaren eraginez, eremu horretan lurpeko aparkaleku bat eta merkataritza-gune bat eraikitzeari uko egiteko asmoa zuela adierazi zuenez gero, Udalak berehalako erabakiak hartu behar ditu etorkizunean horretan atzerapausorik izan ez dadin eta parkea errealitate bihur dadin. Horrexegatik, hain zuzen, AU CE.05 SAN BARTOLOMEko “b.20.2” lurzatiaren erabilerei buruzko 2015eko HAPOaren aldaketa puntuala egiteko zen gure eskaera. Gaur abiatzen da, zorionez, bide hori.

Gure ekarpena ez da inprobisazio baten emaitza, ingeniaritzan, arkitekturan eta lorezaintzan adituak diren teknikariekin hainbat kontsulta eta bilera eginez burutu den gogoeta- eta partaidetza-prozesu zibiko baten emaitza baizik. Horri esker landu ahal izan dugu muino-hegalak dituen hiru baldintza garrantzitsu (malda pikoa, lurzoru pobre oso antropizatua eta azalera erabilgarria) oso kontuan hartu dituen proposamen zehatz bat. Hala ere, ez dago arrazoirik Parke bat guztiz egingarria dela zalantzan jartzeko, eta aurrera egin nahi dugu horretan hirigintza-plangintza aldatuz, atzerapenik gabe, Parkea urbanizatzeko proiektu bat idazteko enkargua egin dadin.

Muino-hegalak gaur duen konfigurazioa defendatzetik abiatuko gara, jakinaren gainean Udalak Parkea sortzeko erabakitzen duen jardunbideak ez duela eragin ohargarririk izan behar lursail horretan. Lehentasuna du horrek, eta, horrekin batera, lurzoru pobretua berriro bere onera ekarri beharra dago; horretarako, kalitatezko lur beltza eraman beharko litzateke, makinek 2024an laginak ateratzeko zundaketak egitean eragindako kalteak konpontzeko. Muino-helgal horrek dituen egutera, kresal, haize eta bestelako egoerarako egokiak izango diren zuhaitz eta bestelako landareen garapena bultzatzea da helburua.

Hona hemen parkea eta horma berdea errealitate bihurtzeko jarraitu beharreko oinarrizko irizpideak:

  • San Bartolomeko muino-hegala, CE.05 SAN BARTOLOME HEko “b.20.2” lursaila, berreskuratzea, bertan izandako esku-hartzearen inpaktuak eta eraginak minimizatuko dituen proiektu batean oinarrituz, bizitza naturaleko espazio berezi bat izango den hiri-parke publiko irisgarri eta iraungarri bat sortzeko, ondo hautatutako zuhaitz-espezieekin eta landareekin.
  • Parkean bi egonleku antolatzea, bi pasealekurekin batera: bata, goiko aldean, 35 m.ko kotan hasita, parkearen eta hiriaren gaineko terraza-begiratoki gisa ere balio dezan; eta bestea, behekoa, 14 m.ko kotan, Villa Zerutxoko plataformaren gainean, haurrentzako jolas-gune batekin. Era berean, bi pasealeku horiek zuhaitzez inguraturik eta itzaleko jarlekuekin diseinatzea proposatzen dugu.
  • Bi eremuak lotzeko, muino-malda hori diagonalean gurutzatuko duen eta udal-araudia beteko duen bi adarreko eskailera bat jartzea.
  • Oinezkoentzat paseatzeko, egoteko eta haurrentzako jolas-eremuetara iristeko aukera bermatzea. Muino-hegalaren behealdean, Easo kaleko kantoian dagoen egungo atetik (mantendu beharrekoa) sarbidea egitea aurreikusten da, eta beste sarbide bat Aldapetako aldapan gaur egun dagoen hormatxoaren amaieran, Aldapeta 3.tik gertu. Muino-hegalaren goiko aldean badira oinezkoentzako bideak eta bi igogailu publiko daude hotelaren fatxadaren ondoan dagoen terraza publikora eta muino-hegalaren goiko mailetan dagoen pasealekura sartzeko.
  • Behinolako elizaren fatxada Zabalguneko hiri-paisaian integratzea, muino-hegaleko erreferentziazko elementu gisa, eta hainbat kaletatik ikusi ahal izango dela bermatzea.
  • Jarduera-eremuko hainbat puntutan, QR kodeak eta informazio-panelak jartzea, gunearen historia eta Parkeak izango dituen zuhaitz eta landareen ezaugarriak ezagutu ahal izateko, dibulgazio gisa.
  • 2026an zehar Easo kaleko San Bartolome Horma berreskuratzea. Horretarako, 2019z geroztik egiteke dauden garbiketa eta egonkortzeko lanak egiteko aukera emango duen eta, orobat, horma horretan altuera desberdinetan dauden hiru bankada edo atzeraguneak aprobetxatzeko sistema tekniko, eraginkor, ekonomiko eta iraunkorrik onena zehaztuko duen ingeniaritza-azterlan bat egin behar da, eta lorezaintza- eta paisaia-proiektu bat eduki. Landaredia behar bezala garatzeko behar den substratu-bolumena maximizatu egin beharko da, bai eta lorategi bertikal natural baten landare-kolonizazioa bermatzeko gaitasuna ere, zehaztu beharreko dimentsio batekin, betiere lorategi hori urtero kontrolatu eta mantendu ahal izango dela segurtatuz.