IV. San Bartolome muino-hegalean Parke publiko bat jartzeko proposamena.
1. Sarrera.
Parkearen eredua zehazteko, Udalak hala eskatuta, faktore multzo jakin bat kontuan izango duen eraikuntza-proiektu iraungarri bat idatzi beharko da. Faktore hauek, besteak beste: bioerrestaurazio bidez lurren kalitatea hobetzea; irisgarria izango delako bermea, muino-hegalaren malda ikusita, eremu publiko urbanizatuetarako irisgarritasunaren oinarrizko baldintzei buruzko Aginduan indarrean dagoen araudia betez; eta landatzea komeni den zuhaitz eta landare mota desberdinak kontu handiz hautatzea.
Herritarren Plataforma honen proposamenak beti ere pribatua izan den muino-hegal batean Parke bat ezartzearen aldeko apustua egiten du. San Bartolome Parke publikoa dagoeneko aurreikusita zegoen eremu horretarako 2010eko Plan Orokorrean, geroztik Plan hori aldatu baino lehen. Orain, herritarren parte-hartze prozesu baten bidez prestatutako proposamen zehatz bat aurkezten dugu, asmo hori bete ahal izateko landutako irizpideekin. Malda pikoa duen muino-hegal baten bideragarritasun teknikoa ebaluatu ondoren, Parke-eredu berezi bat asmatzeak izan behar du helburua.
Hirigintza-espedientearen ikuspuntutik, bi dira egin beharreko lanak: lehenik eta behin, 2015eko Plan Orokorrean merkataritza-guneari eta aparkalekuari buruz egiten diren erreferentziak kentzea. Hori Plan Orokorraren aldaketa puntual baten bidez egin behar da, hura osorik berrikusi arte itxaron gabe. Zergatik: merkataritza-gunea eta aparkalekua Plan Orokorrean jasota dauden bitartean, Udalak etorkizunean edozein unetan berrabiaraz lezakeelako proiektu hori.
Beste alde batetik, Parkea eraikitzeari ekiteko aski izango litzateke Udalak Parkearen Urbanizazio Proiektua onartzea. Dokumentu hori Plan Orokorraren aldaketa puntualaren zain egon gabe izapidetu daiteke eta izapidetu behar da; izan ere, indarrean dagoen plangintza orokorrean aurreikusita baitago sestra gaineko “parke” bat muino-hegalean, eta, horrenbestez, ez da zertan berriro ezarri beharrik.
2. Muino-hegalaren aurrekariak eta egungo egoera.
Hasteko, Herritarren Plataformak muino-hegalaren egoera azpimarratu nahi du. 2024an egin ziren indusketa arkeologikoei eta hori baino lehen egin zen Zerutxo Etxearen eraispenari, bertako zuhaitzez eta Easo kalean San Bartolome hormako zati handi batez izan den erabateko utzikeria gehitu behar zaie. 2015ean Udalak, muino-mazelaren azpian 46 metro zulatzeko eta merkataritza-gunea eta haren aparkalekua eraikitzeko, Plan Orokorra aldatu izanaren ondoriok dira, horrek eragigo zukeen muino-hegalaren lautzearekin. Horrek guztiak aldaketak eta kalte handiak eragin ditu jatorrizko hegalean.
Bestalde, oso kontuan ditugu, Parkea eratzeko esku hartzeko oinarriak definitu beharrari buruz hausnarketan dihardugularik, eremuak berak dituen muga operatiboez. Muino-hegal horrek % 45eko aldapa du, eta koten arteko aldea Easo kaleko 8 m.ko kotatik hotelaren aurre aldeko fatxada, behinolako ikastetxea eta eliza dauden 35 m.ko kotara doa. Datu bat emateagatik, eskolara igotzen zen bide zaharrak % 18ko aldapa zuen, gaur egungo araudiaren aurkakoa zena eta, horrenbestez, berregin ezin dena.
Hala ere, ingeniaritzako, arkitekturako eta lorezaintzako hainbat profesionali kontsultak egin ondoren, eta dagozkion azterlanak egin ondoren, uste dugu bideragarria dela muino-hegal horretan hiri-parke irisgarri eta berezi bat konfiguratzea. Bi aukera ikusten ditugu horretarako, biak oso antzekoak, eta banan-banan azalduko ditugu, planoak erantsita: parke itxia edo parke irekia. Aurrerago azalduko dugu zertan diren desberdinak. Nolanahi ere, hiri-parke hori hondeaketarik egin gabe eta muino-hegalaren profilean aldaketa handirik egin gabe sor daiteke, San Bartolomeko muino-hegalari eta paisaiari ahalik eta aldaketa gutxien eraginez.
Erdiguneko, Amara Zaharreko, San Bartolomeko eta Aldapetako ingurunea hobetzen lagundu nahi dugu. Horregatik, XII. mendeaz gero lehendabizi San Bartolome Monasterio eta gero izen bereko Komentu historiko izanaren onibarraren parte izan eta geroztik Donostiako historiako garrantzi handiko gertaeren oroimenezko gune eta hiriaren bizitzaren harresiz kanpoko testigu eta beti berdegune izan den muino-hegal bat berreskuratzea proposatzen diogu Udalari.
Ez litzateke ulertuko onartu berri den “emisio txikiko eremuan” San Bartolome muinoari buruzko bi epaien bidez babestutako eremuaren zatia den muino-hegal batean parke bat sortzeari nola uko egin lekiokeen. Krisi klimatikoaren aurrean, esan genuen akats larria litzatekeela zuhaiztia eta itzala izango dituen parke baten ordez aparkalekua duen merkataritza-gune bat lehenestea. Beste horrenbeste izango litzateke hirigintza-espekulaziozko asmoz eragindako eraikuntza bat jasotzea ere (Manteoko berdegunean ezarrita dagoenaren motakoa).
Horregatik guztiagatik, muino-hegal hori Cortazarren Zabalgune Erromantikoan hiri-parke gisa egokitzearen alde egiten dugu, arboladi bat eta Parke baten berezko erabilerak aurreikusten dituen bikaintasun-proiektu batean oinarrituz. Baina edozein urrats egin baino lehen aurrekontu-partida bat behar da.

3. Parke aukeraren deskribapena, Aldapetako aldapako hormatxoa mantenduz.
Horrek guztiak aldaketak eta kalte ugari eragin ditu jatorrizko muino-hegalean. San Bartolome muino-hegala berreskuratzeko eta parke publiko bihurtzeko, bi jardunbide berezi planteatzen dira, bat haren goialdean eta bestea oinean. Egin behar dugun deskribapenerako, “Goiko aldea” eta “Beheko aldea” deitu dira, hurrenez hurren. Hori guztia xeheki jasota dago eranskinetan eskaintzen diren plano orokor batean eta ataletan. Tratatu eta ordenatu beharreko azalera guztia 4.000 metro koadro ingurukoa da, eta hirian beste “aterpe klimatiko” bat izatea da helburua.

Sektore honetan, gutxi gorabehera 2,5 metro zabal izango den pasealeku bat egingo da arbola artean muino-hegalaren goiko aldean, 32 m. eta 35 m.ko kota artean, eta 50 metro inguruko luzera izango du. Catalonia Hotelaren aurrealdeko fatxadaren ondoan dagoen plataforma edo terraza publikoa osatzeko jardunbide gisa formalizatu behar da, eta hegalaren ekialdeko ertzean, Easo kaletik igarotzen den horma babestuaren gailurraren ondoan, gehienez 5 metroko zabalera duen berma bat dagoela aprobetxatu behar da.
Horrela, pasealeku eta egonleku berri bat sortuko da, Parkerako begiratoki gisa. Oinezkoentzako bidearen eginkizuna betetzeaz gain, arbola arteko begiratoki aparta izango da, eta eserlekuak izango ditu, Parkeko zuhaiztia, elizaren fatxada eta, neguan, hiria ikusteko. Esku-hartze horrek plataforma urbanizatuaren eta muino-hegalaren ertzaren eta muino-hegalaren goiko aldean sortu behar den arbola arteko pasealekuaren arteko erlazioa jostea eta tratatzea eskatzen du.
Pasealeku horren ibilbidea esku-hartze eremuaren orografiara ahal den neurrian egokitzeko moduan definitu da, inpaktuak saihesteko eta ezpondak eta hormatxoak ahal den neurrian murrizteko. Horren ondorioz, ibilbide bihurgunetsua sortu da, baina hotelaren eraikinaren fatxadarekiko nahiko paraleloa. Tratatu beharreko zerrendaren zabalera 3 metrokoa da mendebaldeko muturrean, eta 5 metrokoa ekialdean. Alde banatan zuhaitzak landatu eta eserlekuak jarriko lirateke; erdialdean, berriz, malda pikoagoa baita, pasealekuaren zati gisa funtzionatuko luke gehiago. Zoladurari dagokionez, lur trinkotuz (Cristina Enea parkeko bideak bezala, esaterako) egitea proposatu da. Material egokia dira, eta behinolako ikastetxearen eta elizaren fatxadaren ondoko eremu urbanizatuko baldosetatik bereizteko aukera ematen du gainera.
Jardunbide horren ondorioz bide/pasealekua berdintzearen eta eremuko orografiaren artean gertatzen den desnibela bi modutara konpontzen da: ekialdeko erdialdean horizontalarekiko gutxi gorabehera 27º inguruko malda etzaneko laugune bat planteatzen da, era horretan landaretarako lurrez estali eta hazi egokiak ereiteko aukera ematen duela; mendebaldean, muino-hegala malkartsuagoa den tokian, hormigoizko horma bat eraiki behar da, gehienez ere 2 metroko altuerakoa, sestra gainean. Horma hori harrizko xaflaz estaliko litzateke ageriko aldean, ingurunean erraz integratzeko moduan, eta hura estaltzeko landare igokariak erabiliz.

Eremu honetarako pasealeku bat eta haurrentzako jolasez hornitutako egongune bat sortzea proposatzen da, Villa Zerutxo zegoen lursailaren behereneko kotan, 14,70 m.ko kotan, bere garaian etxe hartako plataformak eta terrazek zuten kota berean, hain zuzen.
Formalizatu beharreko jolas-eremuaren geometria (324 m2) poligonala da, baina koadro batekin parekatuz gero, 18 metro inguruko aldeak izango lituzke. Sektore honetan ere zuhaitzak landatzea proposatzen da, sakonunean batez ere, eratzen den 5 metroko desnibela leuntzeko; desnibel hori baliagarria izan daiteke haurrentzako eskaladarako jolastoki gisa balio lezakeen araudiaren arabera prestatutako horma bat instalatzeko, inguruan eserlekuak jartzeko eta haurrentzako jolasak antolatzeko, inguruan ikastetxeak daudela kontuan hartuta.
Jolasgune eta egonleku horretarako sarbidea (Parke itxiaren plano orokorrean jasota dago) Easo kalearen izkinatik planteatzen da, Aldapetako aldaparen hasieran, 8,22 m.ko kotan, sarrera zaharra erabiliz eta forjazko atea berreskuratuz; eta gauza bera egin beharko litzateke egur itxurazko barandarekin. Parke itxiaren aukera hau eginez gero, Aldapetako aldaparen ardatzarekiko bi arrapala arin, paralelok osatuko lukete ibilbidea. Arrapala horiek oinezkoen irisgarritasunari dagokionez indarrean dagoen lege-araudiaren arabera diseinatu dira.
Lehenengo arrapalak bi hormen arteko eskailera zaharrak kentzea dakar. Arrapala horrek 6 metroko luzera eta % 8ko malda du, 1,50 metroko lauguneekin, eta hasieran bi hormen artean doa, 2 metroko zabalera erabilgarriarekin. Gero, goiko horma amaitzen denean, beste 2 metro zabalduko da, zuhaitz ilara bat landatzeko. Arrapalaren azken muturra 12,37 m.ko kotara iristen da, eta Aldapetako aldapako espaloitik, 3. atariaren parean, bigarren sarbide bat jartzeko aukerarekin bateragarria da. Malda lau samarreko bigarren arrapalak, pasealeku gisa jolas-eremura daramanak, 2 metroko zabalera, 9 metroko luzera eta % 5eko malda duten tarteak eta goian deskribatutakoen antzeko lauguneak ditu. Planoan ondo islatuta dago.
Komeni da adieraztea jolasgunea eta egonlekua dauden plataformaren eta arrapalako ibilbidearen hasieraren artean aurreikusitako desnibela, Easo kalearen izkinatik abiatzen dena, 5 metrokoa dela, gutxi gorabehera. Desnibel hori lehendik dagoen eta 1914tik Easo kalean dagoenaren luzapena den horma batek hartzen du bere baitan. Horma horren gailurra Villa Zerutxo zegoen plataformara iristen zen. Egitura horri paisaia-azterketa bat egin beharko zaio, izan lezakeen ikusmen-inpaktua arintzeko; horma hori bizkor hazten den eta estaltzeko ahalmen handia duen landare igokari bat landatuta estaliz, esate baterako, beharrezkotzat jotzen bada.
Gainerako desnibelak, maila-alde txikiagokoak, bai ezpondak behar besteko euskarriz eutsita eginez, bai finkatzeko elementuak ezarriz konpondu ahal izango dira. Batean zein bestean, elementu horiek huntzez, mahats-parralez, goroldioz, iratzez edo buganbillez eta hormatxoak dituzten “apaingarrien” bidez tratatu daitezke paisaian, harlangaitzezko horma baten antzeko itxura ematen duten harrizko xaflen bidez. Muino-hegaleko zuhaitzek, behar bezala landaturik, estali egingo dituzte horma horiek.
Beheko eremu horren konfigurazioari dagokionez, eta Parkeaz kanpoko jardunbidea den arren, Aldapetako aldapan Parkearen aurrealdetik doan espaloia zabaltzea proposatzen da, oinezkoen mugikortasun-baldintzak hobetzeko zirkulazio-bide bat kenduz. Neurri horrek are zentzu gehiago du, Parke irekiaren aukeran.

Deskribatu diren bi espazio horiek parkearen eremuan deskonektatuta gera ez daitezen, muino-hegalaren goiko aldea eta beheko aldea elkarrekin lotzeko aukera planteatzen da. Eta San Bartolomeko muinoaren baldintza topografikoak eta ordenantzek ezartzen dituzten mugak kontuan hartuta, muino-hegala diagonalean gurutzatuko duen L etzan baten formako bi eskailera-elementuren bidez gurutzatu beharko dira, planoan ikus daitekeen bezala.
Lehenengo eskailera-elementuak, lursailaren eskuinaldetik, behinolako eskolara eta komentura sartzeko harmailadiaren ibilbide bera izango luke. Goiko aldean hasiko litzateke, Catalonia hotelaren fatxadaren ondoko terraza publikoan, 35,13 m.ko kotan. Lehenengo adarra hegalaren mendebaldean mugakide den jabetzarekiko paraleloa izango litzateke, eta Aldapetako aldaparen ardatzarekiko nahiko perpendikularra. 31 metroko luzera du, 2 metroko zabalera eta 1,50 metroko luzera. Eskailera-atalek 12 maila izango dituzte, eta mailagaina eta kontramaila 35 eta 15 cm.koak izango dira, hurrenez hurren, indarrean dagoen irisgarritasun-araudiarekin bat etortzeko.
Eskaileraren lehen adar horren muturrean, 26,88 m.ko kotan, bigarren adar bat abiatzen da, beheko eremurako deskribatu diren egonlekuaren eta jolas-eremuaren hegoaldeko erpinera begira. Horren ezaugarri geometrikoak lehen adierazitakoen antzekoak dira. Toki horretan eskailera hori egiteak desnibelak sortzen ditu lehendik dagoen orografiarekin. Desnibel horiek altuera txikiko hormatxoekin eta landare eta igokarizko apaingarriekin moldatu beharko dira, hormatxoak estali edo arintzeko.

Goiko eremurako aurreikusten den pasealekuaren eta beheko eremuarekin lotzeko eskaileraren artean, 1.900 metro koadroko muino-hegala dago, trabarik gabe, eta eskailera horren eta egonlekura sartzeko arrapalaren eta 14 m.ko kotako jolasgunera sartzeko arrapalaren artean, berriz, 432 metro koadroko azalera dago. Eremu horietan zuhaitzak, askotariko landareak (batzuk usaintsuak), hormatxoetako landare igokariak eta sasoiko loreak landatuko dira. Kalitatezko eta aukera zabaleko zuhaiztia lortu nahi da, espezie edo labore zerrenda oparo batekin, segurtasun handiagoa eta paisaiaren konposizioa aberatsagoa izateko dentsitate txikia bilatuz. Lorezainek eta gai honetan adituak diren paisajistek definitu beharko dute hori dena.
Horrela, San Bartolomeko muino-hegala, gaur egun duen utzikeriazko egoera gainditu eta parke publiko bikaina bihurtuko litzateke, Donostiako herritarrek goza dezaten. Itsas haizeen kresalarekiko eta eguzkiaren argitan egotearekiko erresistenteak diren zuhaitz-mota ez oso garai batzuk izan ditugu gogoan; eta teknikarien iritzira jartzen ditugu: alnus incana aurea, magnolia, astigarra, amelanchier zuhaizkara, clerodendrum trichotomum, platanoa, davidia involucrata, fraxinus ornus meczek, ginkgo biloba nanum, laburnum x watereri vossii, prunus padus, artea, silbar zuhaitza, kanforrondoa eta gereziondoa. Horiek lirateke, besteak beste, ezar daitezkeen zuhaitzak. Horiez gainera, zuhaixka erresistenteak daude, hala nola deutzia gracilis eta hedera algerian, eta baita landare tapizatzaile igokariak ere, hala nola mahats-parrala, huntza, buganvilla, goroldioa eta sasoiko loreak. Hori guztia, muino-hegaleko landare-geruza hobetzeko lur egokia ekarriz.
Esku-hartzea egin behar den goiko aldean, hotelaren fatxadaren ondoan urbanizatutako terrazaren eta muino-hegalaren goiko kotaren arteko lotura-espazioan, pasealekuan eta egonlekuetan, hazkunde mugatuko zuhaitzak landatzea aurreikusten da. Tratamendu horrek garrantzi handiagoa du erdialdean, behinolako elizaren fatxada hiriko Zabalgune Erromantikoaren paisaian integratzen laguntzeko. Horri esker, Easo, San Bartolome eta Manterola kaleetatik ikusi ahal izango dira, bai behinolako komentuko elizaren portada, bai arboladiak.

4. Parke irekia aukeraren deskribapena, Aldapetako aldapako hormatxorik gabe.
Aukera hori muino-hegalean parke publiko irisgarri eta iraunkor bat sortzeko egin dugun azterketan eta eztabaidan sortu da.
Aukera honek Parke itxiaren eredurako lehen adierazitako oinarrizko jardunbide mota berak jasotzen ditu, baina aldaketa bat gehitzen du. Funtsean, Aldapetako aldapatik igotzen den hormatxoaren zati handi bat kentzean datza aldaketa hori, aurrealde horretan itxitura gisa jokatzen baitu. Berritasun horrek, beheko pasealekura eta jolas-plataformara sartzeko irtenbidea aldatzera behartzen du, neurri batean. Errespetatu egiten da Aldapetako aldaparen hasieran dagoen horma bikoitza, behinolako eskailera zaharra bitartean hartuz hura ezkutatzen duena. Baina kantoian bira egiten duen barruko horma, altuagoa, Easo kaleko hormaren jarraipena dena, amaitzen den lekuan, beheko hormarik baxuenaren zatia, espaloiaren ondotik Aldapetako aldapako 3. zenbakiraino doana, kentzea planteatzen da. Eranskin gisa aurkezten dugun plano orokorrean ulertzen da proposamen hau.
Hormatxoaren zati handi bat kentzeak eta, era horretan, parkea hirira gehiago irekitzeak abantaila hauek ditu: muino-hegala bere zuhaizti eta guzti ikusi ahal izango da, Parke iristerrazagoa eta seguruagoa bihurtuko da, HOEBPBan babes-mailarik ez duen hiru metroko altuera duen hormatxoaren zatirik handiena kentzen baita. Horrela, Parkea jendearengana hurbiltzen da, segurtasun gehiago ere lortzen du, muino-hegala hiri-paisaian hobeto sartzeko aukera ematen du, eta, azkenik, landaretza Aldapetako aldaparantz zabaltzen da, espaloi berriraino landatutako ezponda baten bidez; espaloi hori bi metro mugitu, eta zabaldu egiten da galtzadako erreietako bat kendurik.
Aukera horrek aldaketa tekniko bat bakarra eskatuko luke Parke Itxiaren proposamenari dagokionez: Beheko aldeko egonlekurako eta jolastokirako sarbide bikoitza. Lehengo lekuan kontserbatzen den atetik Villa Zerutxora sartzeko balio zuten eta mantendu beharreko horma bikoitzaren artean dagoen mailadi bikoitzeko eskailera zaharra araudira egokitzea eskatuko luke, alde batetik, eskailera horiek finkatzea eragozten duen arazo teknikorik ez badago betiere. Horrez gainera, Aldapetako aldaparen espaloi zabaldutik beste sarbide berri bat irekitzea proposatzen da, 3. zenbakiko atariaren paretik gertu dagoen puntu batean, 12,38 m.ko kotan. Ondoren, pasealeku bat sortuko da espaloiaren paralelo, % 5,08ko pendiz txikiarekin, egonleku-plataformara eta 14 m.ko kotako jolastokira iristeko.
Aldapan ikastetxe zaharraren itxituraren gaur egungo beheko horma desagerraraziko lukeen parke irekiko eredu bat aukeratuko litzateke, eta espaloiaren zabalera handituko litzateke –gaur egun oso estua baita– Aldapetako aldapan, muino-hegalaren aldean, aldapa horretako 3. etxeko atariraino. Erabaki horri esker, oinezkoentzako ibilbidea hobetu ahal izango litzateke, espaloia 3,20 metroko zabalera izatera aldatuko bailitzateke, egungo zirkulazio-erreietako bat kendurik. Neurri hori nahikoa baita zirkulazioa ateratzeko.
Gainerakoan, “parke ireki” baten aukerak jardunbide berberak mantentzen ditu Goialdean, konexio-eskailera diagonalean, jolastokian eta egonlekuan, eta orobat Parke itxiko aukeran jasotzen den konfigurazio orokorrari dagokionean ere.








